XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Merkatuak erorialdia izan duen denboran, hots, 1974 bukaeratik 1976-ko udaberriraino, neholaz ere ez zegoen saldu-prezioak goratzerik.

Lansariak eta kostuak gora egin dutenez geroz, nahita-ez, itsustu egin behar enpresen errentabideak.

Aurtengo udaberrian, merkatua apur bat zabaldu denean eta eskaera indartu, enpresa hauek, batipat Hegoeuropakoek, berehala prezioak altxatzera azkartu dira, galdua zuten irabazien margina berriro eskuratzeko.

Inpernuko kurpila jartzen da, berriro, martxan eta Italian, Frantzian, Bretaina Handian, bai kontsumo ondasunak, bai lantegi ondasunak, arras biziago garestitzen dira RFA, Japon eta USA-n baino.

1. USA (27 %); RFA (34); Frantzia (60); Beljika (67); GB (72); Italia (93).

Ez da, honela, miresteko, libra esterlina, franko frantsesa eta lira, diru-merkatuetan, espekulatzaileen eskuetatik ihesi, gain-behera abiada amorratuan erori baldin badira.

Gauza jakina da, nazional diruaren mespreziatzeak nahiz desbaliatzeak su gehiago ematen dioela inflazioari.

Nolaz eutsi, kinka honetan, klaseen arteko hitzarmenari?

Nolaz egin politika ekonomikorik hitzarmen baten oinarririk gabe?

Ez ote da, gero, erresuma bakoitza bere nazional merkatua babestera eta sostengatzera etorriko?

Nazioarteko ekonomia zartatuko litzateke, nazioarteko merkatua zatikatuko, eta, denboraldi luzean ekonomiaren hazkundea eta herrien bizi maila geldiune batean eroriko.

Bistan da, erresuma industriadunen artean Bortitzek, hots, USA, RFA eta Japonek, nagusigo handiagoa hartuko lutekeela erresuma ahulen gainera, hau da, Hego Europaren gainera.

Bainan munduan ez da Mendebaldea bakarrik.

Beha dezagun, laburki bederen, mundu zabalera.

LAUGARREN MUNDUAREN ETA ERRESUMA SOZIALISTEN ZORRAK

Lau eskualdetan partitu ohi da gaurregun mundua: 1) OCDE-ko erresumak; 2) OPEP, petrolioa duten herrialdeak; 3) Petroliorik ez duten herrialde industriatu gabeak; 4) Erresuma sozialistak.

Garbiro ageri da, laugarren munduaren eta erresuma sozialisten zorrak ere handiak direla, OPEP hartzekodun bortitza agertzen delarik.

OCDE-ko erresuma aurreratuek zorrak iraungi ahal izateko, mundu zabalera esportazioak egitera premiaturik arkitzen dira.

Baina, zordunek ez dute gehiago erosi ahal.

Ez litzateke batere harritzekoa izango, erresuma txiroenek bankarrot egitea ere.

Eta, bistan da, hau gertatuko balitz, mendebaleko zenbait bankuentzat ondorio larriak erakarriko lituzkela.

Nazioarteko bilkuretan maiz tratatu da, azkenaldiotan, laugarren munduari, zorrak ordain ahal izateko, bi irteera eman behar zaiztela: lehenik, zorrak ordaintzeko epea luzatu, eta, bigarren, horien salgaiak gehiago erosi.

Ez dira arazo samurrak.

Aipatu bilkuretan, bada beti solasik lehen-ekaien merkatuak eta prezioak era berri batetan moldatzeko.

Baina, oraino, Ipar-Hego Konferentzia lekuko, eragozpen gogorrak agertzen dira, kinka honetatik aterabiderik asmatzeko.

1977 URTEA, ILUNA

Heldu den urteari begira, 1977 ez da guziz alaia agertzen.

Erresuma bortitz eta ahulen partiketa egin dugu, baina haietan ere, hau da USA-n eta RFA beretan ere, badago odei ilunik mendiartetan.

Bada inflazio bizia espero duenik USA-n heldu den urterako, eta, jakina, berriro erorialdia eta laneza.

Lan aldetik ere ikuskaria ez da txit pozgarria agertzen.

Egia da OCDE-ko jakintsuek ez dutela guzia hain beltz ikusten; esaterako, hemendik 1980-ra bizkitartean, produzioa urtean ehuneko bost handituko dela diote.

Halere, lana, esan nahi da, laneko postu berriak, ez dira proporzio horretan ugalduko, izan ere gaurregun egiten den inbersio apurra, eta geroxeago eginen den oparoagoa, hein handi batetan eskulanaren trukekoa izango da.

Bestela esanik, makina/gizona erlazioa makinaren alde gehiago aterako da eskulanaren alde baino.

Beraz, duela urte guti ikusi den lan ugaria ez dugu berehala ikusi ahal izango.

Egun hauetako petrolioaren garestitzeak zama bat gehiago emendatzen dio altxa ezinik dabilen munduko ekonomiari.

Mundua gaurregun dagoenean harturik eta, epe laburrean, aldaketa handiak gertatuko direla pentsatzea ameskeria izanik, esan daiteke, beldurrik gabe, munduko ekonomiaren etorkizuna, 1977-rako, hiru erresuma nagusieri katigaturik dagoela.

USA-ren, Japon-en eta RFA-ren hazkundeak erakutsiko du Hegoeuroparen eta Laugarren Munduaren ikuskari ekonomikoa argitzen eta jasotzen den, ala ez.

Hurbil jarraitu beharko diogu, heldu den urtean, nazioarteko hazkundeari eta ekonomiaren abiadurari.

Gure herria ere kate horretan katigaturik dago eta deus ez dugu ulertuko barrena bakarrik behatzen badugu.

Egon Kemeñes, Nazio arteko ekonomiaren jakintsua.

Mundu guzia petrolioaren zorpean.

SAL-EROSKETA BALANTZAK (miliarda dolaretan): OPEP / OCEDE / Laugarren Mundua / Erresuma Sozialistak.

G. Ansola.